Gerra Zibileko frontea. Eibarko Sektorea.

Akondian aurkitutako arrastoen eta erabilitako armen lagina

Akondian aurkitutako arrastoen eta erabilitako armen lagina
Bitrina honetan Armadako bi kidegoek erabilitako armak eta osagarriak aurkezten ditugu.

Falangearen idearioa eta txanoa.

-
“Falangeko ofizial” baten txano kuartelero baten erreplika zehatza.
-
“Erreketearen koñak” botila, “saltaparapetos” deitzen zioten, eta, soldaduen esanetan, hotza kentzeaz gainera, “tentsio uneak goxatzen zituen”.
-
“9 mm luzea” kalibreko “Astra 1921 400” pistola erdiautomatikoaren erretxinezko erreplika, Espainiako Armadaren arauzko arma izan zen urte horretatik aurrera. “Campo-Giro 1913-16” pistola erdiautomatikoa ordezkatu zuen, hori ere “9 mm luzea” kalibrekoa. 8 tiroko kargadorea du eta bi bandoek asko erabili zuten arma labur hau.

“Astra 400”, “Astra 300” eta “Star 1919” pistola erdiautomatikoak.

-
“9 mm laburra” kalibreko “Astra 300” pistola erdiautomatikoaren erretxinezko erreplika. Errepublikako “Erasoko Guardia”ren eta “Espetxeetako Zuzendaritza Nagusia”ren arauzko arma izan zen 1923tik eta 7 tiroko kargadorea du. “7,65 mm” kalibrean ere fabrikatu zen. Bere tamaina txikiari esker egokia zen abiazioan eta bigarren arma moduan erabiltzeko. Arma trinkoa zen, eta ondo egina.  
-
“9 mm laburra” kalibreko “Star 1919” pistola erdiautomatikoaren erretxinezko erreplika, 7 tiroko kargadorea du. Pistola honi “sindikalista” deitzen zitzaion, modelo honetako pistola asko sindikatuetako kideek erabili baitzituzten Eibarren 1934ko urriko iraultzan.  
-
“Valero 1932” morteroaren 50 mm-ko jatorrizko granada. Mortero modelo hau Espainian fabrikatzen zen eta Espainiako Armadaren arauzko arma izan zen 81 mm-ko “1933” modeloarekin batera. Mortero hau erabili zuten gehien Eibarko Sektorean bai Euzko Gudarosteko indarrek bai matxinatutako indarrek. “50 mm”ko granadak 125 gramo TNT (trinitrotolueno) daramatza, 1.000 metroko helmena du eta inpaktuaren unean bere irismen eraginkorra 50 metrokoa da. 50 mm-ko “Valero” morteroak minutuko 16 tiroko kadentzia zuen.

“50 mm-ko Valero” morteroaren granada.

“81 mm”ko granadak 550 gramo TNT (trinitrotolueno) daramatza, 2.200 metroko helmena du eta inpaktuaren unean bere irismen eraginkorra 85-100 metrokoa da. “50 mm-ko Valero” morteroak minutuko 18 tiroko kadentzia zuen.Akondiako mendian borroka egin zuen Erreketeko soldadu nazional baten memorietan jasotako kronika baten arabera, Euzko Gudarostea aldi berean 81 mm-ko sei morterorekin eraso egitera ere iritsi zen, eta egun batean 300 granada baino gehiago jaurtitzen zituen. Datu bat: Akondia mendiaren azalera osoa 9.000 metro koadrokoa da. Lehen aipatutako irismena kontuan hartuta (85-100 metro), mendi hartan bi bandoek benetako infernua bizi izan zutela esan behar da. 
-
Erasorako “B-1” eskuzko bonba poloniar baten erretxinezko erreplika. Gorputza txapazkoa da, 6-8 segundoko atzerapeneko “B3” espoleta du eta 60 gramoko karga, TNTa (trinitrotoluenoa) edo 2, 4, 6, trinitrofenola - azido pikrikoa.

Gorputza burdinurtuzkoa eta zatikatua duen defentsarako “Wz-31” eta gorputza txapazkoa duen erasorako “B3” granada poloniarrak, gorputza burdinurtuzkoa eta zatikatua duen “F1” granada errusiarra, eta “Koveshnikov” espoleta.

-
Defentsarako “Wz-31” eskuzko bonba poloniarraren erretxinezko erreplika. Gorputza burdinurtuzkoa eta zatikatua da, 6-8 segundoko atzerapeneko “B3” espoleta du eta 60 gramoko karga, TNTa (trinitrotoluenoa) edo 2,4,6, trinitrofenola – azido prikrikoa.
-
Defentsarako “F1” eskuzko bonba errusiarraren erretxinezko erreplika. Gorputza burdinurtuzkoa eta zatikatua du, 6-8 segundoko atzerapeneko “Koveshnikov” espoleta du, eta 50 gramoko karga, TNTa (trinitrotoluenoa). Eskuzko bonba hau Errusiak Errepublikako Gobernuari saldutako materialaren zati da.
-
“Minenwerfer 1916” mina-jaurtigailu alemaniarraren granada, egonkortzeko lau hegalak dira bere bereizgarria. "Lubaki-morteroa” deitzen zitzaion lubakietara jaurtitzen zelako etsaia aterarazteko, jaurtigaia zatikatua izaten zen eta altzairu koloreko burdinurtuz eginda zegoen. 1.900 gramo pisatzen zituen eta 250 gramoko lehergarria zuen, TNTa (trinitrotoluenoa). Espoleta talkakoa zuen.

“Minenwerfer 1916” mina-jaurtigailu alemaniarraren granada zatikatua.

“Minenwerfer 1916” mina-jaurtigailuaren lehenengo modeloak eragin handikoak izan ziren Lehen Mundu Gerrako lubakietan. Granadak 300 metroko helmena zuen mina-jaurtigailuaren 45º-ko inklinazioarekin, eta 50ekoa 80º-koarekin. Karga “7,92 mm” kalibreko kartutxo estandarra izaten zen. Behin kartutxoa granadaren hodian sartuta eta hau mina-jaurtigailuan sartuta, honek kartutxoaren ipurdia kolpatzean gasek aurrerantz bultzatzen zuten jaurtigaia. Armada Nazionalak Euzko Gudarostea Akondia mendiko lehenengo posizioetatik aterarazteko erabilitako lehenengo granadetako bat izan zen. Posizio horietan granada horien arrastoak aurkitu ziren eta horietako batzuk apalaren beheko aldean ikus daitezke.

“Minenwerfer 1916”.

Errepublikako Gobernuak “Minenwerfer 1916” mina-jaurtigailuaren bere bertsioa fabrikatu zuen, sinpleagoa zen baina hura bezain eraginkorra eta “Ferrobellum” deitu zuen.

Irudi nagusia:
Akondia mendian aurkitutako arrastoak.

© Eibarko Udala 2026