Karakate, Elgoibar, Arrate, Akondia eta Kalamuako konkista
Botere erreakzionarioen aldetik, Espainiako II. Errepublika kentzeko asmoz, ordu batzuk lehenago Afrikako kolonietan hasitako lehen mugimendu kolpistak izan zirenak, Estatu-kolpe bortitz bat bihurtu ziren, eta hasiera eman zioten gerra zibilari 1936ko uztailaren 18an. Euskal Herrian egoera diametroz kontrakoa zen barrualdeko bi Lurraldeetan (Araba eta Nafarroa), alde batetik, eta kostaldeko bi Lurraldeetan (Gipuzkoa eta Bizkaia), bestetik. Lehenengo biak kolpisten kontrolpean geratu ziren erabat, Aiaraldeko haraneko eremu arabar txiki batean izan ezik, Bizkaiarekin mugakidea. Gipuzkoan eta Bizkaian, aldiz, Errepublikaren botere zilegiarekiko fideltasunari eutsi zioten.
Matxinatuek jaikialdiaren aurreko estrategia militarra planeatu zutenean, funtsezko helburu gisa ezarri zuten Irungo mugaren gaineko kontrola lortzea, Leon Blum frantsesaren gobernu ezkertiarrak eta beste herrialde batzuek Errepublikaren gobernuari armak hornitzea saihestearren. Irailaren 5ean Irun hartu zuten, eta hilabete bereko 13an Donostia. Horren ondoren, kolpistek Gipuzkoa birrindu zuten 1936ko udan zehar, Bizkairako bidean.
Soldadu frankistak Donostiako Alderdi Ederren desfilatzen.
Matxinatuek hiru aurrerapen-lerro zituzten. Los Arcos taldeak Gipuzkoaren erdialdea inbaditu zuen Tolosaren eta Azpeitiaren arteko errepidearen ardatzari jarraiki, eta Arrasateren eta Elgoibarren artean bukatu zuen ibilbidea. Iruretagoyena taldea Gipuzkoako kostaldean zehar aurreratu zen, eta, azkenik, Camilo Alonso Vega koronelaren taldea, Gasteizko goarnizioko matxinadaren eragilea, Arlabango mendatetik aurreratu zen Deba Garairantz. Donostia erori ondoren, egun gutxi batzuetan, zutabe guztiak elkartu ziren Eibarren inguruan. Baliabide-desberdintasun handia ikusita, ordu batzuen barruan hirian sartuko zirela zirudien.
Matxinatuek Deba ibaiaren lerroa okupatu zuten mugimendu azkar eta konbinatuen bitartez. 1936ko irailaren 22an, Soraluze okupatu zuten. Pérez Salasen tropak Azkoititik irten ziren, eta Irukurutzetako eta Atxolingo hegalak zeharkatuta, Karakatera iritsi ziren. Hortik, Soraluzera jaitsi ziren ilunabarrean, eta, bitartean, Los Arcos taldeak kostaldeko ekintza osatu zuen, Deba eta Mutrikuren inguruetara iristean. Aste horretan, bonbardaketa bortitzekin eraso zuten Arrateko eliza, kalte handiak eraginez horren alboko fatxadan, argazkian ikus dezakegunez. Arraten, hain zuzen ere, Amuategi batailoiak trintxera asko zulatu zituen aurreko asteetan, horren defentsa indartzeko, hura baitzen sarbide naturala mendian zehar Elgoibartik Eibarrera eta Bizkaiko kosta-lerrora.
Soldadu frankistak zauritu batekin Elgoibarko Azpisektorean. © Hezkuntza eta Zientzia Ministerioa. Egilea: Andres Erich.
Díez de Riveraren tropak, Elgoibarren kokatuak, Arratetik eta Urko menditik jazarri zituzten, eta Elgoibarko San Pedro baselizaraino iritsi ziren, ez aurrerago. Hor, Lácar tertzio karlistaren 2. konpainia babestu zen. 22an matxinoek Elgoibarren eta Malzagaren arteko errepidea okupatu zuten, baina, pixkanaka, errepublikanoen erresistentzia eraginkorragoa egin zen, hornitzen zitzaizkien armei esker eraginkortasun handiagoarekin eutsi ahal baitzioten matxinatuen aurrerapenari.
Akondia, Kalamua eta Arrateren inguruan, eraso-lerro bat sortu zen, eta urriaren 2tik 8ra bitarte luzatu zen. Irailaren 28an, Cayuelak Urkarregi eraso zuen, Markinarantz aurrera jarraitzeko asmoz, eta Díez de Riverak aldi berean aurrera egin zuen Kalamuan eta Arraten, Eibar konkistatzeko helburuarekin. Kontraerasoak gogorrak izan ziren irailaren 29an eta 30ean, eta urriaren 2an eta 8an. Izan ere, urriaren 2an, Arraten, matxinoen taldean 60 lagun hil ziren. Kostaldetik errefortzuak iritsi ziren urriaren 5ean kolpistentzat, Urkarregi mendian kokatuak, Kalamuaren iparraldean, zehazki Markinatik Elgoibarrerako errepidearen gainean. Urkarregin, funtsean Bilbotik eta horren inguruetatik iritsitako nazionalistek defendatzen zuten posizioa, hau da, Markinatik eta Etxebarritik igotzen den errepidearen ezkerraldean kokatutako gudariek. Díez de Riveraren eraso-posizioak Urkarregi, Kalamua, Elgoibar gaineko San Pedro baseliza eta Arrateko santutegia lotzen zituzten lerroek markatzen zituzten.
Soldadu frankistak Akondiako Azpisektorean. © Bergarako Udal Artxiboa. Toribio Jauregi Fondoa. Egilea: Toribio Jauregi.
Irudi nagusia:
Arrateko Santutegia txikituta Karakatetik egindako bonbardaketak izan ondoren matxinatuen partetik 1936ko irailean. © Eibarko Udal Artxiboa. Egilea: Indalecio Ojanguren.
© Eibarko Udala 2026