Laurogei metro bi lubakien artean
Bi bandoen hurbiltasun horrek ikaragarri gogortu zuen frontearen egoera 1936ko irailetik 1937ko apirilera. Negu hartan, gainera, etengabe egin zuen euria eta elurra, eta horren guztiaren ondorioz Espainiako Gerra Zibileko fronterik ankerrenetan borroka egin zuten soldaduentzat Akondia izan zen fronterik latzena. Hegazkinek Akondian ezin zuten esku hartu posizioak elkarrengandik hain hurbil egonda ezin zelako ziurtatu erasoen eraginkortasuna, "lagunaren tiroketa" izenez ezagutzen zena gerta baitzitekeen. Gasteizetik ateratako matxinoen hegazkinak behaketa-lanak egitera eta lurreko indarrak babestera mugatzen ziren.
Soldadu frankistak Garagoitxiko Azpisektorean, Akondia eta Kalamua artean.
Posizioak mantentzeko eta soldaduak zuzkitzeko behar zuten guztia Elgoibartik ekartzen zuten San Pedro haraneko frankistek, eta Eibartik errepublikazaleek. Ixuara kamioietan igotzen zituzten gauez, eta handik oinez Akondiara. Bi bandoek elkarri lotutako lubaki-sare bat eraiki zuten posizioen eraginkortasuna ziurtatzeko, eta tartean geratzen zen eremua ezinezkoa izaten zen zeharkatu fusilen, 50 eta 81eko morteroen, metrailadoreen eta abarren tiroketa etengabea zela eta. Horregatik, funtsezkoa izan zen frankotiratzaileen eginkizuna ezohiko fronte hartan, eta baja ugari izan ziren.
Soldadu frankistak lubaki batean Arrate, Akondia eta Kalamuaren aurkako erasoan. © Hezkuntza eta Zientzia Ministerioa. Egilea: Andres Erich.
Akondiako lubakiak Ixua aldetik ikusita. Gure Gipuzkoa. © Egilea: Indalecio Ojanguren.
Eibarko Orbe aldeko erasoei aurre egiteko Arrateko gurutzearen ondoan matxinatuek egindako gotorlekuak. © Bergarako Udal Artxibategia. Toribio Jauregi Fondoa. Egilea: Toribio Jauregi.
Matxinatuen posizioak Kalamuan. © Bergarako Udal Artxibategia. Toribio Jauregi Fondoa. Egilea: Toribio Jauregi.
Irudi nagusia:
Saseta Batailoiko metrailadoreen sekzioko gudariak Akondia mendi-hegalean.
© Eibarko Udala 2026