Gerra Zibileko frontea. Eibarko Sektorea.

Gerra-tokia egonkortua zazpi hilabetez

Gerra-tokia egonkortua zazpi hilabetez
Karakate mendia Arrateko gotorleku batetik ikusita. 1936-1937ko negua. © Bergarako Udal Artxiboa. Egilea: Toribio Jauregi.

Irailaren 21ean, kolpistek Karakateren gailurra konkistatu zuten eta, horrela, toki estrategiko bat lortu zuten, lehenengo egunetan Arrate zigortzeko, hori ere konkistatu arte. Horretaz gain, Karakate kokaleku erabakigarria izan zen, Eibartik Elgoibarrera doazen errepideen arteko bidegurutzeagatik eta, beste aldetik, Deba Garaira doan errepidea dagoelako. Era berean, Eibar bonbardatzeko talaia bikaina zen. Hor bertan ezarri zituzten kanoi-bateriak frontea eten egin zen zazpi hilabeteetan zehar, 1936ko urriaren hasieratik 1937ko apirilaren amaierara bitarte.

Karakatetik eta beste leku batzuetatik, hala nola Arrateko zelaitik eta gurutzetik, eta Soraluze eta Bergararen gainean kokatutako garaieretatik, besteak beste, egunero zigortu zuten Eibarren hiri erdia. Elgetako zigorrean, kanoi-bateria horiek erabili zituzten, baina baita Bergararen hirigunetik gertuago kokatuak zeuden beste batzuk ere, hala nola San Juan auzokoak, Labegaraietakoak edo San Martzial baselizakoak. Izan ere, leku horietatik Elgetako hirigunea eta Intxortak ikus zitezkeen. Arratetik hartutako argazkian behaketarako kokapen gotortu bat ikus daiteke, eta horren atzean Karakateren silueta nabari da.

Abiazioaren kasuan ez bezala, operatzeko meteorologiaren mende zegoena, mendiko kanoiek egunero zigortu zuten Eibar hilabete horietan zehar, hiriaren zati handi bat suntsituz. Horretaz gain, noizean behin, abiazio alemanak eta italiarrak ekiten zuten, hiriaren leku estrategikoak zigortuz, 1937ko apirilaren 24ko eta 25eko erasoetan basakeria muturrekoa izan zen arte, hiria birrinduta utziz eta hildako biktima kopuru handia eraginez.

“Savoia-Marchetti S.M. 81”, “Pipistrello” hegazkin italiarra bonbak jaurtitzen “FIAT C.R. 32”, “Chirri” gerra-hegazkinek babestuta.

Amuategi batailoiko kideek Orbea fabrikan egindako sei blindatu kokatu zituzten, Maltzagako gurutzean, trenbide-zubi eroriaren ondoan, Elgoibar eta Soraluzetik Eibarrerantz doazen errepideak babesteko, baina laster konturatu ziren matxinatuek hiriaren gainean kokatutako garaierak kontrolatzen zituztela. Horren ondoren, blindatuen kokapena kilometro erdiko tarte batean mailakatzeko erabaki zuten. Aginte-kokapen aurreratua bi solairuko etxe batean kokatu zen, Maltzagako gurutzetik oso gertu. Euren aldetik, kolpistek sei kanoi kokatu zituzten Soraluzetik Bergarara doan errepidean, Goimendi eta Elgetako auzoetara doan sarreraren ondoan.

Markina defendatzen zuen Errepublikaren ibilgailu blindatua. © Euskal Abertzaletasunaren Agiritegia.

Karakaten, matxinatuek aurrelari-talde bat zuten gailurretik 500 metrora, jada Eibarrera begira dagoen hegalean. Hor txabola txiki bat eraiki zuten, ondoren 155 mm-ko jaurtigai errepublikano baten inpaktuarekin suntsitua izan zena. Bertara igotzen ziren Soraluzetik, eta kokapen horretatik egunean lau aldiz lotu zitezkeen Arraten, Kalamuan eta Akondian instalatutako irratiekin. Matxinatuek menderatutako lekuak ziren horiek.

Euren aldetik, Eibarren babesleek Karakatera eta Arratera tiro egiten zuten, irailaren amaieran kokapen horiek galdu zituzten ondoren. Arrateren kasuan, erreferentziazko helburua eliza zen. Eibarko hirigunetik tiro egiten zuten, kanoien kokapena beti aldatuz. Hainbat lekutan kokatu ziren bateriak, hala nola gaur egungo Juan Guisasola kalearen bihurgunean, gaur egungo kiroldegiaren atzeko aldean, etab. Galdaramiñon eta Urkon kokatutako behaketa-puntuetatik, irrati bidez adierazten zieten helburuak lortu zituzten ala ez, eta kokapena zuzendu behar zuten ala ez. Eibarren beste aldean, Gasteiztik iristen ziren eskuadrilen aireko erasoak saihesteko helburuarekin, hainbat kanoi-bateria kokatu zituzten Legarren, Arrateko errepideko harrobian Mirafloresen ondoan, etab. Kokapen horien guztien ezaugarri bat zen airetik begiztatuak izateko arriskutik babestuak zeudela, kamuflaje-neurriekin indartutako ezaugarri naturalei esker. Hegazkinak begiztatzen zirenean, lehen abisua Galdaramiñoko gailurretik botatzen ziren suzirien bidez ematen zen, eta, ondoren, San Andresko parrokiaren kanpandorrean kokatutako behaketa-taldeak berresten zituzten.

Milizianoak aireko erasoa zaintzen San Andres parrokiako kanpandorrean. © Eibarko Udal Artxiboa.

Irudi nagusia:
Karakate mendia Arrateko gotorleku batetik ikusita. 1936-1937ko negua. © Bergarako Udal Artxiboa. Egilea: Toribio Jauregi. 

© Eibarko Udala 2026