Gerraren gordintasun handiena
1936ko irailaren 26tik aurrera, Lakarreko Tertzioaren 3. konpainiako karlistak Elgoibartik igo ziren, San Pedroko baseliza zeharkatuta, eta Kalamua eta Arrate mendiak okupatu zituzten, borroka gogorren ondoren, eta, gero, Akondia konkistatu zuten. Ekintza horretan parte hartu zuen, era berean, Lesakako Tertzio erreketeak, 400 gizonekin gutxi gorabehera, Arrateko santutegiaren, toki bereko koloniaren eta santutegiaren ondoan kokatutako Kantauri baserriaren konkista nabarmenduz. Lakarreko 2. konpainiak Morkaiko mendia okupatu zuen 26an, baina hamar hildako eta berrogeita bost zauritu izan zituen bere taldean.
Lakarreko 1. konpainiak Urkarregi konkistatu zuen. 26tik 29ra bitarte ekintza horretaz arduratu ziren, eta tropa leialak atzera bota zituzten Arratetik, Krabelin zeharkatuta, Aitzketa mendira eta Akondia mendiaren hegalera, batez ere 1916ko Minenwerfer mortero-granadak eta 1916ko mina-jaurtigailuak erabiliz, trintxera garbitzaileak, 300 metroko irismena zutenak. Material hori gobernu alemanetik eskuratu zuten, I. Mundu Gerrako soberakin gisa. Aitzketatik Akondiara doan bidean aurkitu diren material horren aztarna ugariek halaxe frogatzen dute. Eibarko frontea kokapen horietan egonkortu zen 1937ko apirilaren amaierara arte.
Ofizial frankistak Elgoibarko Foruen plazan. © Hezkuntza eta Zientzia Ministerioa. Egilea: Andres Erich.
Erantsitako irudian ikusten dira matxinatuek Akondiako gailurrean eraiki zituzten gotorlekuen planoak, hainbat elementuekin indartu zituztenak, hala nola trintxerekin, tiratzaile-postuekin, alanbre-hesiekin, lur-zakuekin, etab. Materiala gauean igotzen zen Elgoibartik, erasoak izatea saihesteko. Ibilaldiaren lehen zatiak idi-gurdien laguntzarekin egiten ziren, eta azken zatiak oinez egiten ziren, materiala soldaduen sorbaldetan igoz.
1936ko azaroan, Akondiako eremuan kokatutako Nafarroako Tertzioko erreketeen lau konpainiek 450 gizon batzen zituzten. 1937ko urtarrilean, 1. konpainiak 115 gizon zituen Urkarregin, 2. konpainiak 165 gizon zituen Angiozarren, 3. konpainiak 129 Zestoako bainuetxean, atseden hartzen, eta 4. konpainiak 55, Kalamuako "Tomas Meabe" babeslekuan. Otsailaren amaieran, San Fermin Tertzioak, Nafarroako 5.ak, lau konpainia zituen Elgoibarko eremuan. Kapitainetako bat, Matías Zaragozano, Akondiako gailurraren ondoan hil egin zen apirilaren 21ean, eta haren oroitzapenez harrizko gurutze bat eraiki zen. 2014. urtera arte kontserbatu zen, urte horretako udaberrian kolpeka suntsitu zuten arte.
1937ko martxoaren 31n, 336 hildako balantzearekin, Durangoko bonbardaketarekin hasi zen Euskadi birrintzeko azken ofentsiba, iparraldeko armadaren buru Emilio Mola jeneralak gidatuta. Apirilaren 24an Elgeta erori zen, eta bi egun ondoren Eibar. Bilbo matxinatuen eskuetan erori zen 1937ko ekainaren 19an.
Tropa frankistak Elgetako plazan garaipenaren ondoren.
Fronte horretan kokatutako Nafarroako Brigadei Piazzoni jeneralak gidatutako faxista italiarren "Gezi Beltzak" Brigada Mistoa gehitu zitzaien, eta apirilaren 2an Elgoibar-Urkarregi-Ondarroa eremuan metatu ziren, Nafarroako II. Brigada ordezkatuz. “Martxoak 23” dibisio motorduna ere hor zegoen, hori ere italiarra. Bergaran “Corpo” italiarraren 60 gurdi metatu ziren. Ofentsibaren hasieran, Mola jeneralak 33.000 gizon inguru, 130 kanoi eta naziek Gasteizen, Lasarten, Burgosen, Logroñon eta Sorian ezarritako 150 hegazkin inguruko aireko indarra zituen. Savoia 81 italiarraren eta Junker 52 alemanaren fuselaje sakonen barrualdean tamaina handiko bonbak gorde zitzaketen.
“Savoia-Marchetti SM-81” hegazkin italiar batetik Eibarren bonbardaketan egindako argazki bat. Bonbek egindako hiru zulo ikusten dira Errebal aldean (ikusi beheko irudian).
Arerioaren jazarpenean, Elgoibar-Ondarroa sektorean kokatutako "Gezi Beltzak" Brigada Misto italiarrak parte hartu zuen. Brigada horrek Urkarregi mendia okupatuta zuen, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren artean. Eibar erori ondoren, Nafarroako IV. Brigada Ermutik eta Eibartik abiatu zen, eta Bolibarrerantz aurreratu zen apirilaren 26an. Hurrengo egunean, Etxebarrira, Markinara eta Urberuagara iritsi zen, eta, aldi berean, italiarrek Berriatua okupatu zuten. Markinaren erortzearekin, zazpi hilabetez Eibar, Elgeta eta Markinako eremua setiatuta izan zuten zutabeak elkartu egin ziren. Bilborako bidea irekitzen ari zen.
San Andres eta Saseta batailoietako gudariak 81 mm-ko “Valero” morteroaren granadetan “biderkagailuak” jartzen Markinako Sektorean.
Irudi nagusia:
Matxinatuen gotorlekuaren planoa. Akondiako mendi tontorrean zegoen kokatuta. © Avilako Artxibategi Militar Orokorra. Defentsa Ministerioa.
© Eibarko Udala 2026