Armada Nazionala. “Konplementoko alferiza”. “Kanpainako Artilleria”
Armada Nazionalak Bergaran kokatu zuen bere aginte-postua eta bertan tropa ugari elkartu ziren (mairuak, italiarrak, alemaniarrak, falangistak eta erreketeak). Behin Karakate mendia konkistatuta, gailurrean kokatu zituen 70 mm kalibreko “Schnneider 1908” mendiko kanoiak eta horien babesean egin zuten tropek aurrera Elgoibartik Kalamua mendiaren iparraldeko isurialdera eta Maltzagatik Arrateko posizioetara. Euzko Gudarosteak atzera egin behar izan zuen Kalamua mendiko mendebaldeko isurialdeko posizioetara, mendia defendatzen zuten tropak Markinako Sektorera atzeratu ziren, eta, ondoren, Aizketako gainera eta Akondia mendi aldera. Hementxe kokatu zen frontea 1936ko irailetik 1937ko apirilaren 26ra, eta askoren ustez Espainiako Gerra Zibileko fronterik gogorrenetako bat izan zen.
“105 mm kalibreko Schnneider 1919” kanoia. Irudia: Fresno's. © Quirón Edizioak.
70 mm-ko “Schnneider” kanoia frantziarra zen (Armadako arauzko kanoia), 5.300 gramoko jaurtigaiak disparatzen zituen 5.000 metroko distantziara eta minutuan 12 jaurtiketa egiten zituen 2 minutuko su-txanda jarrai batean. Bete-betean jotzeko aukera oso handia izaten zen. Puntu batetik besterako tarteak oso laburrak ziren eta, gainera, kontuan izan behar da kanoi horiek ongi trebatutako militar profesionalek erabiltzen zituztela. Argibide bat: Karakate menditik Arratera 2.886 metro daude zehatz-mehatz, eta Karakate menditik Akondia mendira 4.980 metro.
Erreketeko “konplementoko alferiz” honek Armadako arauzko uniformea du jantzita, kaki kolorekoa, lepoan “Artilleria”ko armaren “Bonbeta”k daramatza eta “Sei puntako izarra” brodatuta jakaren eskumutur bakoitzean. Buruan erreketeen txapel gorria darama, gorputz militar honen bereizgarri dena, bere mailari dagokion jatorrizko “Sei puntako izar” batez apainduta. Bularrean, ezkerreko poltsikoan, “Kanpainako Artilleria” gorputzaren jatorrizko plaka bat; plakaren hondoa gorria, “Mendiko Artilleria”k ez bezala (haiena berdea baitzen), eta azpian mailaren “Gaileta” bat, “Sei puntako izarra”rekin eta “Artilleria”ko armaren “Bonbeta”rekin.
“Artilleria”ko “konplementoko alferiza”, Erreketekoa.
Ezkerreko poltsikoan “Detente bala” eskapularioa darama Jesusen bihotz sakratuaren irudiarekin. Eskapulario hau ohikoa zen Erreketeko tropetan, tradizio katoliko handia baitzuten, eta hura zeramana baletatik babestuta zegoela sinesten zuten. Ezkerreko sorbaldan, eta gorputza inguratuz, Espainiako Armadaren garai hartako arauzko manta astuna, uhal batez eutsita, ezinbestekoa izaten zena mendiko gau hotzetan.
“Kanpainako Artilleria”ren intsignia, “Artilleria”ko “konplementoko alferiza”ren bereizgarria eta “Detente bala” bat.
Uhaleria garai hartako Armadaren arauzkoa da, larruzkoa, hiru kartutxera ditu munizioarentzat, bi aurrean eta bat atzean, eta “Y" formako hesgailu bat kartutxerei letoizko kako batekin lotuta. Ezkerraldean aluminiozko ontzitxo bat darama, Armadaren arauzkoa.
Espainiako Armadan 1921etik 1946ra arauzkoa izan zen “Laffite” eskuzko bonbaren larruzko funda zilindriko bat ere badarama. Bonba horrek 200 gramoko lehergarria zeraman, nitramita (amonio nitratoa eta trilita), alegia, espoleta talkakoa zuen eta 415 gramo pisatzen zituen. Hedatze-uhina indartsua izaten zen. Ia Espainiako Armadak bakarrik erabili zituen, eta Italian, Frantzian eta Espainian egindako modeloak erabili ziren, hauek “FAS” marka zeramaten (Fábrica de Armas de Sevilla). Lepotik zintzilik “7x35 mm Mauser” kalibreko “Mauser Español 1916” fusila darama. Armadaren arauzko arma zen eta urte horretan bertan hasi ziren erabiltzen kalibre bereko “Mauser 1893” fusilaren ordez.
“Mauser 1916” arauzko fusila.
Erreketea.
Irudi nagusia:
Erreketeko “konplementoko alferiza”.
© Eibarko Udala 2026