Gerra Zibileko frontea. Eibarko Sektorea.

Euzko Gudarostea. Milizianoa

Euzko Gudarostea. Milizianoa
Miliziano honek Euzko Gudarostean borroka egin zuten indar sozialistak, komunistak eta anarkistak irudikatzen ditu.

Hauek dira bere ezaugarriak: Armadan arauzkoa zen kaskoa darama buruan, “1930” modeloa, 1,1 mm-ko lodierako altzairuzko txapaz egina eta berdea, nahiz eta zementu kolorekoak ere bazeuden. Barrutik larruzkoa da, kuxin-formako feltroz estalia, koskopeko uhala ere larruzkoa da eta uhalaren belarria burdinazkoa.

Milizianoa “M26” kaskoa jantzita.

Jatorrizko jantzi errepublikanoa du soinean, kaki kolorekoa, ohikoa indar armatu hauetan.  Jantziaren gainetik Euskal Herrian erabiltzen zen uhaleria, hur kolorekoa, darama, bi kartutxera ditu munizioarentzat eta metalezko zatien ordez larruzko piezak ditu metalak talka egitean eragindako hotsa saihesteko.

Tiratzaile-postua, atzean kanoi-zuloaren burdinazko estalkia.

Oinetan gomazko oinetakoak ditu, lokaztutako lubakietarako egokiak, kontuan hartu behar baita soldaduek hilabete askotan jasan behar izan zutela fronteko bizitza erabat zaildu zuten hezetasuna, elurra eta hotza.  “VZ-24” fusil txekiarra darama, Txekiak, garai hartan Txekoslovakia zenak, Espainiako Errepublikaren kausari laguntzeko bidalitakoa. “VZ-24” fusila “ZBROJOVKA BRNO” lantegiak fabrikatzen zuen Txekoslovakian, 5 kartutxoko kargadorea zuen, 4.170 gramo pisatzen zituen, helmen erreala 1.400 metrokoa zuen eta helmen eraginkorra 500 metrokoa. Garai hartarako fusil modernoa zen eta, “Radom WZ-29” fusil poloniarrarekin eta “Mosin-Nagant 1891” eta “1891-30” modelo errusiarrekin batera, Espainiako Gerra Zibilean erabilitako morroilodun fusil onenetako bat izan zen. Errepublikako Gobernuak modelo honetako 50.000 fusil jaso zituen 1938ra arte.

“Mauser Vz-24” mosketoi txekiarra.

“Mauser Vz-24” mosketoi txekiarra, defentsarako “Wz-31” granada poloniarra.

“Amuategui Batailoia”ren intsigniaren erreplika.

Miliziano hau bere posizioan dago, kanoi-zuloan erne, eskuzko bi “Wz-31” bonba poloniar ditu, bata defentsarako eta bestea erasorako, eta aldamenean Armada Errepublikarrak erabiltzen zituen jatorrizko zakutoa eta kantinplora ikus daitezke.

Kanoi-zuloa 10 mm-ko lodierako burdinazko xafla batekin indartuta dago, eta ferra formako zuloa du fusila sartzeko. Euzko Gudarosteko kideek asmatu zuten soluzio hau kanoi-zuloetatik tirorik ez jasotzeko.

Euzko Gudarostearen posizioak mendebalderantz begira zeuden eta Armada Nazionalarenak ekialderantz begira, gorago eta hurbileneko puntuetan 82 metrora. Arratsean eguzkiak atzetik, Urko mendialdetik, jotzen zien Euzko Gudarostearen posizioei, eta Armada Nazionaleko tiratzaileek soldaduren batek burua ateratzen zuenean egiten zuen itzalarengatik jakin zezaketen kanoi-zulotik begira norbait zegoen, eta hara tiro egiten zutenean gehienetan zauri larriak eragiten zituzten.

Kanoi-zuloaren estalkia.

Burdinazko xafla honek babesten zuen soldadua adierazitako egoeretan, eta ferra formako zuloak behar besteko angelua eskaintzen zuen tiratzaileak eroso tiro egin ahal izateko, etsaien posizioak oso hurbil baitzituzten. Kanoi-zulo honetan ikusten den xafla Akondia mendiko lubaki nagusiaren sekzio batean aurkitu zen.

Irudi nagusia:
Milizianoa bere postuan.

© Eibarko Udala 2026