Ezbeharra airearen kontrako Eibarko babeslekuetan
Toki honetan bat egiten dute Alfak, langileen autogestioko esperientzia gisa 1920tik kooperatiben proiektu aitzindari izandakoak, eta Untzaga plazak, bertan udaletxea duela, Espainiako II. Errepublikaren aldarrikapenaren sinboloa. Gerraostean, enpresa desjabetu zuten, eta diktaduraren kontrolpera pasa zen. Alfa enpresak su armak fabrikatzen zituen hasieran eta, gero, oso ospetsu egin zen josteko makinak eta beste produktu batzuk direla eta. Egun, existitzen jarraitzen du, XXI. mendera egokitutako gestio eredu bat edukita.
Alfan, gainera, errepublikako eta gerraosteko gertaera garrantzitsuenetako batzuk egin ziren. Adibidez, langile ugarik partaidetza erabakigarria izan zuten 1931ko Errepublika aldarrikatzerakoan. 1934ko urrian, iraultzako buruzagien erdiguneetako bat izan zen eta, 1936an, bertako enplegatuek, gehienean sozialistak, Errepublika babestu zuten kolpisten kontra.
Eibar gerra frontea izan zen sei hilabetez, 1936ko irailetik 1937ko apirilera, Gipuzkoa galdu ondoren, salbu eta Elgeta eta Eibar. Aldi horretan eta lehenago ere, hamabost hegazkin bonbardaketa jasan zituen, eta horietako lehena 1936ko abuztuan. Gainera, herria egunero kanoikatzen zuten inguruko mendietatik eta auzoko herrietatik. Horregatik, Gerra Komisariotzak hegazkinen kontrako hamasei babesleku atondu zituen, bereziki aprobetxatuz tren tunelak eta Ego ibaiko estalpeak.
Eibarko Gerra Komisariotzaren bandoa herriak 1936ko abuztuaren 29an jasandako lehen bonbardaketaren ostean. © Gipuzkoako Foru Aldundia. Koldo Mitxelena liburutegia. Urquijo Funtsa.
Herritarren gaineko zigorra etengabea izan zen 1937ko apirilaren 26 arte, baina okerrena, zalantzarik gabe, Mussoliniren legioko italiar abiazioaren azken erasoa izan zen, 1937ko apirilaren 24 eta 25. egunetan, Hitlerren alemaniar Luftwaffearen agindupean.
1937ko apirilaren 25eko italiarren aire jarduera partean, Salamancako dataz, aipatzen dute Savoia-Marchetti S.M. 81 zazpi hegazkinek Eibar eta Ermu arteko errepidea bonbardatu dutela 14:00etatik aurrera. Misio horretan, 100 kiloko 21 bonba jaurti zituzten, baita 50 kiloko beste 103 ere: guztira zazpi tonatik gora.
Italiar Aviazione Legionariaren jardueraren jakinarazpena, 1937ko apirilaren 25a. © Defentsa Ministerioa. Aireko Armadaren Artxibo Historikoa. Villaviciosa de Odón (Madril).

14. babeslekuan, 18:00etan, atzerapen sistemako bonba bat sartu zen Ego gain babeslekuan. Biktima asko leherketaren indarrez hil ziren, eta beste batzuk oxigeno faltak itota. Eusko Jaurlaritzaren txostenaren arabera, 74 hildako eta 97 zauritu zenbatu zituzten bi egun horietan Eibarko bonbardaketen ondorioz.
Savoia-Marchetti S.M. 81 “Pipistrello” hegazkin taldea bonbardatzen.
Orain Untzaga plazara mugituko gara, Eibarren liberalismoaren ikur eta Estatuan 1931n II. Errepublika aldarrikatutako lehenengo lekua.
Irudi nagusia:
Labadorekuko babeslekuan, 1937ko apirilaren 25ean bonba baten eztandak eragindako zuloa. © Gipuzkoako Foru Aldundiaren artxiboa. Indalecio Ojanguren bilduma.
© Eibarko Udala 2026