Erdi Aroko Eibarren gainean eraikitako Eibar berria
Gerra gatazkako kalteen ostean aldaketa gehien izandako herriko ingurunean gaude, bereziki zurezko etxebizitza ugari biltzen baitziren bertan. Merkatuko plazatik oso hurbil kokatzen da eta eraikin apal ugari ditu; ondorioz, kanoi edo hegazkinen tiro batez, sua aldameneko etxeetara oso aise zabaltzen zen.
Oso gertu ere, Errebalen, Agustindar Errekoletoen Komentua zegoen, eta bertan Eibarren defentsan lankide aritu ziren askotariko batailoiek hartu zuten aterpe. Horregatik guztiagatik, erabat galdu ziren Eibarko Erdi Aroko trazatu zahar ezaguna eta San Andresen atari nagusi aurrean eta Portalea aldean maldan kokatutako bere harlanduzko kaleak.
Gezi Beltz italiar bat Ibarrekruz eta Arragueta aldeko suteari begira. Atzealdean Karakateren profila ikus daiteke. © Kutxa Fototeka. Egilea: Pascual Marín.
Gerra ostean, Bidebarrieta aldeak eta aldameneko kaleek aldaketa handia izan zuten eta, ondorioz, kale zaharrak eta merkatu plaza betiko galdu ziren, azken hau San Andresen atari nagusi aurrean. Trukean, hiri trazatu guztiz desberdin bat eraiki zen, diktadura garaian Zuloagas, Generalísimo (egungo Julian Etxeberria) eta Bidebarrieta deitutako kaleek osatutako triangelu baten formaz, baita San Agustin kalea sortuz ere: Eibar gora eta behera zeharkatzen duten bi trafiko ardatzak bateratzeko espazio berri bat.
Suntsitutako Barrenkale, Placido Zuloaga eta Bidebarrieta kaleen ikuspegi orokorra. Elizako kanpandorretik ateratako irudia. © Eibarko Udal Artxiboa. Egilea: Indalecio Ojanguren.
Erabat suntsitutako Errebalean, ez zen harririk zutik geratu, eta merkatu plaza berria eraiki zuten bertan; Bidebarrietaren erdiko aldean, berriz, hainbat etxebizitza multzo, diktadura erregimenari atxikitako pertsona ugarik eskuratutakoak. Eraikin horiek Ego ibaia estali ostean egin zituzten eta, hain zuzen, ibaia errepide azpitik doa egun. Azitainen atondutako barrakoietan kondenatutako presoek egin zituzten eraikinok. Preso horiek jatorriz Eibarkoak ziren batzuk, ideologia askotakoak, eta erbesteratutako sozialista zein komunista gaztelarrak beste batzuk.
Herria berreraikitzeko aldian, botere erlijiosoa (San Andres eliza), botere politikoa (Udaletxea) eta botere militarra (Guardia Zibilaren kuartela) biltzen zituen ardatz bat sortu zuten, azken hau herriko erdigunetik oso gertu eta goitik begira herria azpian duela.
Eibarko beheko aldea sutan 1937ko apirilaren 26an. Erdiko aldean, askotariko botereen egoitzak jarri zituzten. © Kutxa Fototeka. Egilea: Pascual Marín.
Segituan, Urkizu aldera joko dugu. Bertan zen Orbea enpresa, gerrako lehen asteetan gerra hornigaiak banatzeko Eibarko arma industriaren erdigune bilakatutakoa. Bertara batzen ziren Euskadiko toki askotatik armak lortzeko etorritako pertsonak.
Irudi nagusia:
Barrenkale, Arraindegikale eta Bidebarrieta aldeak, bonbardaketen ondoren. © Eibarko Udal Artxiboa. Egilea: Indalecio Ojanguren.
© Eibarko Udala 2026