Iragan aintzatsutik suntsipenera eta etorkizun itxaropentsura
Eibarren gerraostean hirigintzaren aldetik izandako aldaketa sakonen erdigune geografikoan gaude orain. Suntsipen nagusiak San Andres elizaren inguruan, Arraguetaren hasieran, Isasiko Kontzepzionisten komentuan eta Untzaga alde osoan izan ziren. Eskualde Suntsituen Zuzendaritza Nagusiak suntsitutako 140 eraikin pribatu eta guztira kaltetutako 840 etxebizitza zenbatu zituen. 1940ko irailean, baloratu zuten herrian kendutako hondakinak 97.000 metro kubora heltzen zirela.
Eibarren berreraikuntza Errebal eta Julian Etxeberriaren bidegurutzean (garai horretan, María Ángela eta Avda. del Generalísimo deituak). © Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa. Administrazioaren Artxibo Orokorra. Dirección General de Regiones Devastadas delakoaren Funtsa, [signatura F-04190-014-001 Marqués de Santa María del Villar].
1940an, hasierako kokapenetik berreraikuntzarako egitasmoa onartu zen. Berreraikuntzaren ezaugarria moteltasuna eta orografia zaila izan ziren eta, gainera, industriaren gorakadarekin batera biztanle berriak heldu ziren. Horregatik, 24.000 biztanlerentzako herri bat proiektatu zuten, ondorengo zatiketaz: erdigunea, industrialdeak eta ikastetxe zein aisialdi gunea, nahiz eta asko faltako zaion, artean, hirigintzako eredu prototipikoa izateko, batez ere espazio faltagatik.
Eibar, belar eta ur arteko asfaltodun profil bat, Isasitik Urkizurainoko herrigune batean oinarrituz diseinatu zen, eta beste gune bat eraikin eta erakunde publikoentzat izan zen. Erdialdeko espazio horretan, goi eta erdi klaseen bizilekuak kokatu ziren eta, hurrengo hamarkadetan, mendiko maldetan etxebizitzen eraikinak garatzen joan ziren. Ego ibaiko ertzen espazio falta ikusita, gertuko maldetan gora auzo berriak sortu ziren. Era horretan, Amaña, Urki, Ubitxa, Txonta, Legarre, Jardiñeta eta beste espazio batzuk sortu ziren.
1940ko martxoko dekretu batez, Francok gerrak bereziki astindutako estatu osoko udalerriak babespean hartu zituen, eta Eibar izan zen horietako bat. Azitaingo hondakindegian jarritako barrakoietan, obretan (Bidebarrietako multzo etxeak, Errebaleko merkatua, herri osoan eraikitzeko espazioa irabazteko Ego ibai estaltzea, elizaren ingurua hiritartzea, etab.) aritutako preso askok hartu zuten aterpe. 1943an, 125 preso zebiltzan lan behartuen batailoi horretan.
Toribio Etxeberria kalearen burua (garai hartan, Maiatzaren bia). San Andres elizaren inguruaren berreraikuntza. © Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa. Administrazioaren Artxibo Orokorra. Dirección General de Regiones Devastadas delakoaren Funtsa, [signatura F-04191-03-003 Dirección General de Regiones Devastadas].
1945ean, Eibarren, justu gerra aurreko industria produkzioko kopuruetara heldu ziren, batez ere Estatuak interesa zuelako gerra aurreko produkzio bitartekoak martxan jartzen. Espainian, 1954an, 1935eko biztanleko errenta gainditu egin zen, Eibarko kasua baino ia hamarkada bat geroago, eta mundu garatuarekiko bi hamarkadako atzerapenaz. 1952an, errazionamenduak bukatu ziren, prezioak liberalizatzen hasi ziren, inflazioa egonkortu zen, eta soldatak igo. Herriak 11.800 biztanle zituen 1940an, 31.700era heldu zen 1960an, eta 1978an heldu zen bere gorenera: 39.561 biztanle. Egun, Eibarrek hainbat urte eman ditu 27.500 inguru pertsonarekin; zerbitzuetan oinarritutako herri batean bizi dira, eta industriako sustraiei eusten zaie.
Irudi nagusia:
Eibarren berreraikuntza. Maiatzaren bia kaleko aldea suntsituta (egungo Toribio Etxeberria kalea). © Eibarko Udal Artxiboa. Funtsa: Indalecio Ojanguren.
© Eibarko Udala 2026