Gerra Zibileko frontea. Eibarko Sektorea.

Eibarko frontearen gainbehera

Eibarko frontearen gainbehera
1937ko martxoaren 31n Durango bonbardatu eta azken erasoari ekin zitzaionean, Eibarren zoria erabakita zegoen. Apirilaren 24an eta 25ean bonbardaketa ankerrak jasan zituen armagintzaren hiriak, eta hurrengo egunean txiki-txiki egindako hiri bat hartu zuten mendean frankistek.

Indar matxinatuek, Mola jenerala buru zela, eta behin estrategia aldatu eta Madril hartzeko asmoa alde batera utzita, Espainia iparraldeko gerra-frontea konkistatzeari ekin zioten buru-belarri. Durango izan zen lehenengo urrats tragikoa, sei pertsonal hil ziren bonbardaketan. Hurrengo asteetan etengabea izan zen erasoaldi ankerra, defendatzaileen baliabide eskasek eta meteorologiak baldintzatuta, zenbaitetan hegazkinek ezin izaten baitzuten parte hartu. Helburu nagusia Bilbora iristea zen bertako metalurgiaren industria sendoa bereganatzeko, erabakigarria baitzen gerrarako.  Baina Bizkaiko hiriburura iritsi aurretik ezinbestekoa zen hara arteko erresistentzia akabatzea, bereziki Intxorta mendietakoa, Elgetako Sektorean, eta Bilboko burdinazko hesikoa, baina laster ikusi zen ez zela oztopo handia Bizkaiko frontea gainbehera zetorrela eta bere posizioetatik ihes egin beharko zutela ikusten zuten defendatzaileen aurrean askoz ere indartsuagoa zen Armadarentzat.  Eibarko Sektorea ez zen izan erortzen lehenengoa. Izan ere, agintari frankistentzat inguru hartako helburu nagusia Elgetako frontea akabatzea zen. Gogor zigortu ondoren, erresistentzia Kanpanzarko gainean hautsi zuten, eta alde hura inguratuz Elgetan sartu ziren. 1937ko apirilaren 24ko arratsaldeko lehenengo orduan sartu ziren matxinatuak herrian, eta defendatzaile gehienek Ermua eta Eibar aldera egin behar izan zuten ihes.  Preso har ez zitzaten, Eibar defendatzen zuten indarrek ihes egin behar izan zuten menditik eta hirigunetik Bizkaiko frontearen defentsa-posizioetara. Alemaniako eta Italiako abiazioen bonbardaketek eta eragin zituzten suteek, eta ihes egin aurretik burubero batzuek eragindako txikizioek, birrinduta utzi zuten Eibar.  

Eibarko txikizioaren berri ematen duen El Diario Vasco egunkariaren lehen orrialdea.

Eibar txikituta Errebal aldean. © Eibarko Udal Artxiboa. Ojanguren Fondoa.

Mola eta Solchaga jeneralak Eibarko Untzaga plazan. © Eibarko Udal Artxiboa. Argazkia Marín.

Eibar berreraikitzen Dirección General de Regiones Devastadas erakundea. Bidebarrieta eta Errebal aldea. © Administrazioaren Artxibo Nagusia (AGA). Kultura Ministerioa. Egilea: Santa María del Villar markesa.

Irudi nagusia:
Eibar. Bista Eder eta Portalea ingurua bonbardaketen ondoren suntsituta. © Eibarko Udal Artxiboa.

© Eibarko Udala 2026