Gerra Zibileko frontea. Eibarko Sektorea.

Agiriak, maketak, bereizgarriak, eta abar

Agiriak, maketak, bereizgarriak, eta abar
Bitrina honetan txano “isabelinoak”, hegazkinen maketak, intsigniak eta abar ikus daitezke.

-
Txano “isabelino” sorta, Armada Errepublikarrarenak. Hauexek dira: “Erasoko Guardia”, II. Errepublikako polizia, borla zuria da bere bereizgarria. “Abiazioa”, borla berdea eta aurrealdeko intsignia dira bere bereizgarriak. “Sanitatea”, borla horia eta aurrean duen intsignia dira bere bereizgarriak.  “Infanteria”, bost puntako izar gorriak adierazten du jantzita zeramana komunista zela.  
-
“Condor Legioa”ri atxikitako “Junkers Ju52” bonba-hegazkin alemaniarraren 1/72 eskalako maketa. Aparatu honek eta “Regia Aeronautica” italiarraren “Savoia Marchetti SM 81 A”, “Pipistrello” (saguzarra italieraz) hegazkinak bonbardatu zuten Eibar.

“Condor Legioa”ren “Junkers Ju52” bonba-hegazkin alemaniarra.

Eibarren bonbak 600-800 metrotatik jaurti zituzten eta horregatik ezin izan zen airetik edo lurretik inolako defentsa-ekintzarik antolatu. Von Richtofenek egindako txostenean adierazten zen Eibarko azaleraren % 60 txikitu zela eta 200en bat pertsona hil zirela, zibilak eta militarrak. “Condor Legioa”k antolatu zituen bonbardaketak eta agindu zien indar italiarrei bonbardaketak gauzatzeko. Indar militar horiek Gasteizen kokatuta zegoen aireko indar alemaniarrean zeuden integratuta. 
-
“Polikarpov I-15 / Curtiss”, “Chato” gerra-hegazkin errusiarraren 1/72 eskalako maketa. Modelo honetako hegazkin ugari iritsi ziren Espainiara 1936ko urrian, Errepublikaren kausari laguntzeko sobietar batasunetik bidalita. Garai hartarako gerra-hegazkin azkarra zen, orduko 370 kilometrora iristen zen, maniobragarritasun handia zuen eta gehienez 9.800 metrora egiten zuen hega. Lau “Nadashkevich PV1” metrailadore zeramatzan.

“Chato” izeneko “Polikarpov I-15 / Curtiss” gerra-hegazkin errusiar errepublikarra.

-
Euzko Gudarosteko batailoien intsigniak. Ezkerretik eskuinera:  “MAI-Irrintzi”, “JSU-Gazteria Sozialista Bateratua”, “Ingeniariak”, “Euzko Itsas Gudarostea” eta “JEL-Jainkoa Eta Lege zaharra”.

“Euzko Gudari” intsignia; jatorrizkoa ezkerrean eta errepika eskuinean.

“JSU-Gazteria Sozialista Bateratua”ren intsignia.

“Euzko Itsas Gudarostea”ren intsignia.

-
“Euzko Gudari” intsignia baten erreplika eta Alderdi Komunistaren bost puntako izar bat.
-
Eibarko herritar baten alde altzari bat berreskuratzeko egindako agiria, 1937ko azaroaren 15eko data darama eta, behin jabetza egiaztatu ondoren, haitzezko arasa bat eta komoda txiki bat erretiratzeko baimena ematen da bertan. Armada Nazionalak altzarien, tresnen eta makineriaren hainbat gordailu jarri zituen Bilbon eta Donostian, eta biztanleria zibilak bertara jotzen zuen konfiskatutako ondasunak berreskuratzeko itxaropenez. Biltegi horietako bat une hartan oraindik eraikitzen ari ziren Bilboko San Frantzisko kaleko eskoletan zegoen. Hemengo agiri hau eskola haietan idatzitakoa da. Haitzezko arasa Eibarko etxe batean dago gaur egun.
-
“Trubia 34” kaskoak, babes-egitura metalezkoa da eta kaskoari goian errematxatuta dago 1 mm-ko lodierako txapa baten bidez. "Azaña” edo “Eibar” deitzen zitzaion. Aurrealdean batek “Viva la República” jartzen du, eta besteak “JSU”, Gazteria Sozialista Bateratua.

“M34” kaskoa apainduta, eta Euzko Gudarostearentzako hornidura-txartelak.

“M34” kaskoa Gazteria Sozialista Bateratuaren siglak idatzita, morse-eskuliburua eta borrokan zauritutako soldadu baten fitxa.

Echevarria blindatua, “Frente Popularra”ren siglak jarrita.

“Echevarria” kamioi blindatu baten 1/35 eskalako maketa, eskuz eginda dago Bilbon (Bizkaia), Begoña auzoko “Echevarria” lantegietan. Blindatu hau, “lur kiskalia” teknika aplikatuz, Eibarri su emateko erabili zen.
-
“Regia Aeronautica” italiarraren “Savoia Marchetti SM 81 A”, “Pipistrello” (saguzarra italieraz) bonba-hegazkin italiarraren 1/72 eskalako maketa. “Junkers Ju52” hegazkinarekin batera parte hartu zuen Eibar airetik bonbardatzen. Tripulazioa sei gizonek osatzen zuten: bi pilotok, hegazkineko ingeniari batek, irrati-operadore batek eta hegazkinaren popako sabelaldeko dorretxoan kokatzen zen artillaria batek.

“Regia Aeronautica” italiarraren “Savoia Marchetti SM 81 A” bonba-hegazkin italiarra, “Pipistrello” deitutakoa.

Eibar bonbardatu zutenean, abiazio italiarrak 50, 100 eta 250 Kg-ko bonbak eta bonba su-eragileak erabili zituen. Karga aluminioz, burdin oxidoz eta kobre/manganeso oxidoz osatutako “termita" nahasketa zen. Material leherkorra trilita zen, trinitrotoluenoa (TNT). Datu gisa adieraz dezakegu trilita kilogramo baten leherketak erremediorik ez duten kalteak eragiten dituela eraikinen barruko eta kanpoko egituretan, eta leherketa gertatzen den lekutik hamaika metroko uhina hedatzen dela, 10 atmosferakoa (uretan 100 metroko sakoneran dagoen presioa), eta eragin larria duela pertsona eta animalietan.
-
Armada Errepublikarraren morse-kodearen eskuliburu baten kalitate oneko kopia.
-
Bizkaiko Diputazio Txit Argiak miliziano baten izenean egindako “Identitate-zedula” baten kalitate oneko kopia.
-
“Escuela Popular de Guerra” erakundeak gidatzen ikasteko argitaratutako eskuliburu baten kalitate oneko kopia.

Olioa hornitzeko bale bat. Kasu honetan “MAI Irrintzi 65 batailoia”rentzat.

-
XX. mendeko 20. eta 30. hamarkadetako erabilera legaleko billeteak. Euskadiko Gobernuak jaulkitako “5”, ”25”, “50” eta “100” pezetakoak.
-
Euskadiko hainbat finantza-erakundek (Banco de Vizcaya, Banco de Bilbao…) jaulkitako eta erabilera legaleko ordainagiriak. Billete eta ordainagiri hauek baliorik gabe geratu ziren gerra amaitzean, eta familia asko, beraz, ezer gabe geratu ziren.

Irudi nagusia:
“Condor Legioa”ren “Junkers Ju52” bonba-hegazkin alemaniarra.

© Eibarko Udala 2026