Gerra Zibileko frontea. Eibarko Sektorea.

Untzaga plaza II. Errepublikaren ikur

Untzaga plaza II. Errepublikaren ikur
Untzaga plaza. Udaletxearen fatxada nagusiaren ondoan.

1931ko apirilaren 14ko ordu txikietan, Untzaga plazak gertaera historikoa bizi izan zuen, Eibar izan baitzen Estatu osoan II. Errepublika aldarrikatzen lehendabiziko tokia, eta horren esangura ez zen bakarrik izan monarkia hondoratzea: pertsona askorentzat, bizitza duin batez, aske bizitzeko itxaropen aldi baten hasiera izan zen. Udaletxearen balkoi nagusitik, hiru koloreko bandera igo zuten, eta herritarrek mendeko izatetik hiritar izatera pasatzea ospatu zuten. Egun batzuk geroago, Eibarrek Hiri titulua jaso zuen, eta askatasunen zein aurrerabidearen ikur bihurtu.

1934ko urriaren 5ean, 34ko urriko Iraultzak iraun bitartean, Eibar izan zen altxamenduaren toki gotorrenetako bat, ezkerrak arriskupean ikusten baitzuen Errepublikaren gogoa gobernu eskuindar berriaren pean. Egunaren amaieran, zazpi hildako biktima izan ziren. Udaletxea izan zen egun osoan iraultzaileen aginte gune nagusia eta, ondoren, mugimenduak porrot egindakoan, kartzela bihurtu ziren bertako lokalak eta, bereziki, tortura esparru bat, presoak Iruñeko probintziako espetxera eraman zituzten arte.

Armada errepidetik desfilatzen Untzaga kioskoaren aldamenean, 1934ko urriaren 21ean. © Eibarko Udal Artxiboa. Funtsa: Castrillo Ortuoste.

Gerra Zibilean, Akondia mendiko frontean, laurogei metro eskaseko tartea zegoen bi aldeen lubakien artean, eta istilu bizia izan zuten zazpi hilabetez hainbat bazter konkistatzeko: Arrate, Kalamua, Urko, Akondia, etab. Eibarko Gerra Zibilaren Interpretazio Zentroan, gehiago ezagutu daiteke gudari eta milizianoen erresistentziak kolpistek aurrera egitea eragozteko izandako balioaz.

Apirilaren 24an konkistatutako Elgetatik etorritako tropa matxinoak 1937ko apirilaren 26an heldu ziren Untzagara eta, orduan, Elgetako errepidea delakotik tiro egin zioten Udaletxeari prebentzio gisa, fatxadan antzeman dezakegun bezala. 1934ko iraultzan bertan, segurtasun indarrek eraikina tirokatu zuten Calbeton kaleko izkinatik. Horregatik, udaletxeko fatxadatik 1934ko zeihar zuloak ikus ditzakegu, eta 1937ko aurrez aurreko zuloak.

Udaletxea eta bere plaza konkistaren ikur bihurtu ziren Eibar azpiratua izan zen egunean. 1931n festa izan zuten Udaletxean Eibarko herritarren partaidetzaz; 1936an, berriz, armen indarrak menderatuta, suntsipen eta izuaren irudia bihurtu zen. Askatasun ametsaren amaiera izan zen, eta itxaropenetik tragedia eta diktadurara pasa ziren. Gerraren ondoren, gerraoste gogorra hasi zen. Diktadurako lehen udalbatzak, funtsean eibartar karlistek eta falangistek osatuak, eskatu zuen Eibarri Hiri titulua kentzeko eta Villa izatera buelta zedila. Hiri izendapena 1982an berreskuratu zuen, diktadura osteko lehendabiziko udal legegintzaldi demokratikoan.

Untzagako 3. atariko lehen solairuan, Eibarko Defentsa Batzordeko Ordena Publikoko Ardularitzaren egoitza zegoen. Azpian, hiriko babeslekuetako bat zegoen, Kerizpe elkartearen egungo egoitzan. © Eibarko Udal Artxiboa. Egilea: Indalecio Ojanguren.
Gabardina zuriaz, Mola jenerala Untzaga plazan Eibar konkistatu eta ordu batzuetara, suntsitu eta indar matxinoek okupatutako Udaletxearen aurrean. © Kutxa Fototeka. Donostia. Egilea: Pascual Marín.
Mola eta Franco Untzaga plazan Hiria azpiratu ondoren. Haien ondoren, plazaren alboko arkuak ikus ditzakegu, harea zakuz sendotuak, bonbardaketatik babesteko. © Eibarko Udal Artxiboa. Obrak eta Hirigintza Funtsa. Foto Pascual Marín.
Untzaga plaza. Musika kioskoa eta Txaltxazelaiko ingurumaria suntsitua ikus dezakegu. © Euskal Abertzaletasunaren Agiritegia. “Sabino Arana Fundazioa”.

Ondoren, San Andres elizara abiatuko gara, Eibarko eraikin zaharrenera.  

Irudi nagusia:
Errepublikaren aldarrikapena Untzagan, 1931ko apirilaren 14an. © Eibarko Udal Artxiboa. Funtsa: Castrillo Ortuoste.

© Eibarko Udala 2026