Gerra Zibileko frontea. Eibarko Sektorea.

San Andres eliza Eibarren sakonen sustraitutako toki historikoa da

San Andres eliza Eibarren sakonen sustraitutako toki historikoa da
San Andres eliza. Hegoaldeko fatxada.

Hiriko erlijio kultuko toki garrantzitsuenean gaude orain, Udaletxearekin batera, ospe handieneko eraikina. San Andres eliza XVI. mendeko eraikin bat da, eta haren ingurumaria oso kaltetuta atera zen gerratik Erdi Aroko trazatu zaharrean, adibidez, Hospital kalea, Arraindi Kale, Piper Kale, Barrenkale, Zuloagatarren kalea, Bidebarrieta, Txirio Kale edo Bista Eder. Kale horietako batzuk erabat galdu ziren, beste batzuek izenari eutsi zioten eta, azkenik, beste batzuk berriz sortu ziren. Maldan zeuden tokiak ziren, zurezko etxe zahar asko zituzten, banatzeko tarte handirik gabeko espazioetan eraikiak; bertan, bonbardaketen ondorioak eta su suntsigarriak izan ziren. 

Matxinoek San Andres hartu zuten erreferentziatzat kanoiez tiro egiteko eta, hala ere, elizak ez zuen ia kalterik jasan. Kanpandorreak, Eibarko eraikin garaiena zenez, Amuategui Batailoiarentzako behatoki lana egin zuen, prismatikoen bitartez hegazkin etsaien etorreraren berri izateko.  

Amuategui Batailoiko kideak aldean prismatikoak dituztela, San Andres kanpandorretik aire erasoak atzemateko. Eibarko Udal Artxiboa. Egilea: Indalecio Ojanguren.

Beste zenbait tokitan ere, Galdaramiño mendi tontorrean, adibidez, baita Karakate mendian ere, behaketa taldeak jartzen ziren. Zaintzaileek telefonoz ohartarazten zioten Udaletxeari eta, berehala, kamioi bat Eibarretik zehar gora eta behera ateratzen zen sirenak jotzen bonbardaketak iraun bitartean, herritarrei ohartaraziz hamasei babeslekuetako batera joateko. Horietako zazpik argia ere bazuten. 

Hiriak bi ebakuazio agindu izan zituen gatazka armatuak iraun bitartean: lehenengoa 1936ko irailaren 21ean, Elgoibar mendean hartutako egunean matxinoen aurrerakada geldiezina zirudienean. Hain zuzen, ondorengo egunetan, haientzako oso posizio oso mesedegarriak eskuratu zituzten Eibar inguratzen duten hainbat tontorretan, adibidez, Karakate, Akondia, Kalamua eta Arrate. Bigarren aldia herria galtzeko zorian zenean gertatu zen, agerian geratu zenean hura defendatzen jarraitzea ezinezkoa zela. Pertsona ugarik haien gauzak hartu eta etxeak utzi behar izan zituzten noranzko segururik gabe.

Erbeste gogorra. San Andreseko ate nagusiaren ondoan gauzak batzen borrokak amaitzean. © Kutxa Fototeka. Egilea: Pascual Marín.

Eibar mendean hartu aurreko orduetan, kontrolik gabeko talde batek suntsipena larritu zuen gurdi blindatu batetik sua jaurtiz hainbat eraikin erre zituenean. Plaza Barrian zela, baina, matxuratu egin zen, eta horrek kalteak areagotzea eragotzi zuen. Iparraldeko kolpisten buruzagi gorenak, Mola jeneralak, eta Solchaga jeneralak, tokia ikuskatu zuten apur bat geroago. 1936ko urtarrilean, Solchaga izan zen 1934ko iraultzako jazoeren gorabeheran 172 eibartar auzipetu zituen epaimahaiko burua; bestalde, Mola Eibar bisitatu eta egun batzuk geroago hil zen hegazkin istripu batean.

Mola eta Solchaga jeneralak Plaza Barria eta Calbeton aldean, San Andresen fatxadako tiratzaile postuei begira. Haien atzean, Eibarren zati bat erretzen aritu zen gurdi blindatua ikus daiteke. © Kutxa Fototeka. Egilea: Pascual Marín.

1995ean, hiru kaxa agertu ziren Mexikon, Espainiako Gerra Zibilaren gainean, Robert Capa, David Seymour “Chim” eta Gerda Taro gerrako erreportarien 165 argazki film zituztela, 4.500 argazki bilduz. Horiek 1939an galdutzat jo zituzten, eta “Mexikar maleta” deitu zitzaien. 2007an, New Yorken haien sailkapen bat egin zen, eta 1937ko urtarril amaiera aldera “Chim”ek egindako irudiak deskubritu zituzten. Bertan, azken erasoen eta sutearen aurretik izandako kalte larriak ikus daitezke. Regards aldizkari frantsesean argitaratu zituzten 1937ko urtarrilaren 28an, baita Ingalaterrako Weekly Illustrateden ere 1937ko apirilaren 24an, eta ikus daiteke urtarrilerako Eibar oso kaltetuta zegoela.

Kolpisten alde hildako eibartarren omenez jarritako plakaren inaugurazioa San Andreseko fatxadan, orduan Martirien plaza deitutakoan.

Orain Bidebarrieta kalean behera joango gara, inguruko mendietako kanoikaden eta hegazkin bonbardaketen erasoz gerran zigortuen ateratako espazioan barrena.

Irudi nagusia:
San Andres elizaren ingurumaria suntsituta gerraren amaieran. Goiko aldean Urkiko kanposantua ikus dezakegu. © Eibarko Udal Artxiboa. Obrak eta Hirigintza Funtsa. Egilea: Indalecio Ojanguren.

© Eibarko Udala 2026