Gerra Zibileko frontea. Eibarko Sektorea.

Eibarreko arma industriaren garrantzia eta haren eraldaketa.

Eibarreko arma industriaren garrantzia eta haren eraldaketa.
Urkizu pasealekua. Urkizu parke aurreko lorategiak

Herriko beheko aldean Eibarko enpresa sinbolikoak zeuden Urkizu inguruan, nahikoa izan bedi horietako hiru aipatzea, armak fabrikatzen hasiak eta, gero, urte askoan, merkaturako bizikletak fabrikatzeari lotu zitzaizkionak: GAC, BH eta Orbea. Orain gauden tokian, Orbea enpresa zegoen, 1840an armak fabrikatzeko sortua eta Eibarko industriaren erakusgarri bilakatutakoa; gainera, aurrerapen teknologikoak sartzearen eta beste sektore batzuetara hedatzeko arma produkzioa uztearen benetako erreferentea izan zen. 1906. urterako, enpresa Urkizu auzoan kokatu zen eta, 1910 eta 1916an, zabalguneak gehitu zitzaizkion.

New Yorken 1929an hasitako munduko beheraldi ekonomikoak Eibarri ere ondorio larriak ekarri zizkion. I. Mundu Gerra 1918an amaitu zenetik, gero eta zailagoa zen herriko armak mundu osoan saltzea eta, ondorioz, hainbat enpresa beren produkzioa dibertsifikatzen hasi ziren, krisia arintzeko eta herria su armak fabrikatzearen mende guztiz ez egoteko.

Orbearen anagrama duen txapa, artean arma fabrika zela.
Beistegui Hermanos enpresa, Urkusua parkean kokatua. © Eibarko Udal Artxiboa.

Era horretan, enpresa batzuk, Alfa, adibidez, josteko makinak fabrikatzen hasi zen 1925etik, eta Beistegui Hermanos, berriz, bizikletak egiten 1923tik; Orbea, 1926tik, eta GAC 1927tik. Beste produktu batzuk ontzearen arriskua hartu zuten, su armen arloan presentzia edukitzen jarraitu arren. Bizikleten munduan muturra sartzearen arrazoia zen eskopeten produkzio mekanikoak kanoia landu eta tratatzen zuela batez ere eta, horrenbestez, bazuen antzekotasunik bizikleten koadroarekin; izan ere, barrutik zuloa duten eta elkarri galdatutako hiru hodi zulatuz osatzen da. Beraz, Eibarko enpresak bizikletak fabrikatzen hasi ziren. Emakume askoren partaidetza erabakigarria izan zen Eibarko industrietan gerraren aurretik eta ostean.

Eibar-1944-Fabricación de bicicletas-NODO

Eibar-1948-Fabricación de bicicletas y prueba ciclista-NODO

Gerra Zibilaren bezperan, Orbeak prentsak, tornu paraleloak, fresatzeko makinak, daratuluak, hariztatzeko makinak eta abar fabrikatzen zituen, eta bizikletak fabrikatzeari ekin zion. Gerra piztu zenean, boluntario eibartarrak Soraluzera mugitu ziren kanoiez eta beste armez hornitzeko; Orbean, blindatuak fabrikatzeko sistema bat antolatu zen matxinoei aurre egiteko. Benetan, ordea, kamioiak xafla metalikoz estaltzen zituzten, eta horri modu ponpoxo batean “blindatu” deitzen zioten.

Markinako fronterako Orbean fabrikatutako blindatua. © Euskal Abertzaletasunaren Agiritegia. “Sabino Arana Fundazioa”.

Bestalde, Euskadiko toki askotatik, Errepublikaren defendatzaile ugari heldu ziren Eibarrera armak eskuratzera. 1936ko urriko dekretu batez, arautu egin zen enpresen jabetza eta frontetik urrutiko beste toki batzuetara makineria lekualdatzea, gerra industrietan erabilia izateko. Halaber, herriko pertsona ugari hainbat tokitara lekualdatu zituzten, adibidez, Deustura (Industrias de Guerra Guipuzcoanas), Buñolera edo Alberiquera, industria horietan lan egiteko.  

Gerra amaitutakoan, Orbeak 1.000 langile zituen bere baitan, eta 50.000 bizikleta produzitzen zituen urtean. Hedakuntza etapa bati ekin zion. Aldiz, Orbeak krisialdi larria jasan zuen 1969an eta, une horretan, 1.500 langile zebiltzan bertan. Orbea kooperatiba, kudeaketa alternatibo batez sortu zena, Mondragón Corporación Cooperativan (MCCn) sartu zen 1971n. 1975. urtean, Orbeak utzi egin zituen Eibarko lursailak, eta Mallabira lekualdatu zuen egoitza. Egun, bizikletak fabrikatzen dituen puntako enpresa da, munduko toki askotara heldu dena.

Ondoren, Errebalerantz abiatuko gara, Eibarrek gerran jasandako hamabost bonbardaketen jomuga nagusiak ezagutzeko. 

Irudi nagusia:
Eibarren ikuspegi orokorra 1914 aldera. Beheko aldean, Orbearen pabiloiak ikus daitezke. © Eibarko Udal Artxiboa. Egilea: Indalecio Ojanguren.

© Eibarko Udala 2026